Mende laurdena ospatzeko prest da AzkoitiAzpeitia maratoi erdia

Hilaren 24an 25. aldia beteko du Diego Garciaren omenezko lasterketak; proba motza ere egingo dute, seigarren aldiz. "Edizio berezia" izango dela aurreratu dute antolatzaileek; parte-hartzaile kopurua azken urteetako handiena izango da, baita eliteko lasterkariena ere. Egitarau betea prestatu dute lasterketaren aurreko egunetarako zein egunerako, eta biharamonean egingo duten bazkari herrikoiarekin borobilduko dute mende laurdenaren ospakizuna.

XXV. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia eta VI. lasterketa motza gaur aurkeztu dituzte, udaletxeko ganbaran. Hilaren 24an, larunbata, izango dira lasterketak; 16:15ean hasiko da lasterketa motza eta 16:30ean maratoi erdia, biak Azkoitian, eta helmuga Azpeitiko Loiolako Inazioren etorbidean egongo da, urtero legez.

Diego Garcia zenaren omenezko probaren antolatzaileek "edizio berezia" izango denaren gaineko hainbat xehetasun aletu dute aurkezpenean, erakundeen eta babesle pribatuen ordezkariz inguratuta. Han izan dira, besteak beste, Eneko Etxeberria eta Javier Zubizarreta Azpeitiko eta Azkoitiko alkateak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol sailaren Ariketa Fisikoa eta Osasuna ataleko dinamizatzaile Iñaki Iturrioz; Carmen Garcia, Diego zenaren arreba, izan da hutsik egin ez duen bestea.

Agustin Jimenezek hitz egin du antolatzaileen izenean. Azkoitia-Azpeitiaren antolakuntza taldea "hamahiru boluntariok eta kirol talde batek" osatzen dutela gogoratu du. Horregatik, erakunde publikoen eta enpresen babesa "ezinbestekoa" dutela gogoratu du "probak aurrera egiten jarraitzeko"; eta neurri berean goraipatu du antolatzaileen taldeari lasterketaren egunean batzen zaizkion bi herrietako "ehundaka" boluntarioen lana.

Parte-hartzea, gora
Bi lasterketetarako izen emateak martxan daude oraindik, Interneten kirolprobak.com atarian, eta Azkoitiko Plaza Berri Sport, Azpeitiko Fullgas eta Euskadi Sport, eta Donostiako Robers dendetan ere bai. Hilaren 22an itxiko dira berez izen emateak, baina baliteke "aurten lehenago" ixtea epea. Izan ere, izen ematea "oso ondo dihoa", Jimenezen hitzetan, eta baliteke mila parte-hartzaileren gehienezko mugara iristea.

Gaur goizean 825 lagun zeuden izena emanda maratoi erdian. Horietatik, 383 gipuzkoarrak dira; eta 683 gizonezkoak, eta 116 emakumezkoak. Lasterketa motzean, berriz, 135 ziren goizean izena emana zutenak, 72 gizonezkok eta 63 emakumezkok; denetara, 91 gipuzkoar. Lasterketa motzean, beraz, askoz parekatuago daude gizonen eta emakumeen kopuruak, baina maratoi erdian ere "emakumeek gora" egin dutela nabarmendu du Jimenezek. Azkoitia-Azpeitia "eliteko lasterketa bat bezala" identifikatzen du jende askok, Jimenezen esanetan, "baina lasterketa herrikoia ere" badela azpimarratu nahi izan du, beste behin, antolakuntza taldeko kideak. "Azkoitia-Azpeitia bukatu daiteke bi ordutan, eta bi ordu eta erditan ere bai, hori da gure denbora muga. Korrika ondo egitea ez da azkar egitea, bakoitzak bere mailan egitea baizik".

25. edizioa izateak izan du eragina parte-hartzearen gorakadan. Antolatzaileek ahalegin berezia egin dute mende laurdena ospatzeko; aurrekontua ere aurreko urteetakoa baino handiagoa du probak. Korrikalari herrikoiak erakartzearen urteroko erronka berrindartua fruituak ematen ari da, eta eliteko atleten arloan ere "esfortzu berezia" egin dute. Goi mailako hamabi gizonezkok eta zazpi emakumek osatuko dute elitekoen zerrenda, eta tartean daude Azkoitia-Azpeitia inoiz irabazitako batzuk: Emmanuel Bett, Mark Kiptoo eta Joseph Kiprono Kiptum keniarrak, eta Zulema Fuentes Pila espainiarra. Horiekin lehian ariko dira Samuel Kiplimo Kosgei (Kenia), James Rungaru (Kenia), Nathan Ayeko (Uganda), Stephen Omito Arita (Kenia), Kiprono Menjo (Kenia), Stephen Muendo Mwendewa (Kenia), Ronald Kirui (Kenia), Merhawi Tsegay (Eritrea) eta Erick Kiplangat (Kenia) gizonezkoetan, eta Leonida Jemwetich Mosop (Kenia), Mercy Kepchumba (Kenia) Hawi Megersa (Etiopia) eta Azucena Diaz Calvo (Espainia) emakumezkoetan.

Gipuzkoako eta Euskadiko maratoi erdiko txapelketak ere jokoan izango dira aurten Azpeitia-Azkoitia lasterketan.

Lasterketaren garaian izango da berrikuntzetako bat. Euskadi Gaztearekin elkarlanean, bi animazio gune jarriko dituzte: Azkoitiko Plaza Berrikoa Oihan Vegak gidatuko du, eta Azpeitiko plazakoa Txurruk.

Bazkaria, erakusketak, hitzaldiak, musika...
Aurreko urteetan bezala, maratoi erdiaren bueltan beste hainbat ekitaldi ere prestatu dituzte antolatzaileek. Erakusketak, hitzaldiak, kontzertua... izango dira aurten ere. Baina bada 25. urteurreneko ospakizuna borobilduko duen hitzordu berezi bat: lasterketaren biharamonean, hilaren 25ean, Loiola Hotelean egingo duten bazkaria. "25 urteotan gurekin ibili diren guztiei egiten diego gonbidapena", esan du Jimenezek.

Hau da lasterketan inguruan prestatu dituzten beste jardueren zerrenda:

Etzi, osteguna Nutrizioari eta hidratazioari buruzko hitzaldia, Elikasporten eskutik. Azkoitiko Elkargunean, 19:00etan.
Martxoak 20, asteartea Argazki erakusketa irekiko dute Sanagustin kulturgunean, Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek eta Felix Sanchezek lasterketaren aurreko edizioetan ateratako irudiekin. Azkoitian ere egitekoak dira argazki erakusketa, baina zehazteke dituzte hango tokia eta datak
Martxoak 22, osteguna Diego ezagutzen emanaldia eta solasaldia atletekin. Azkoitiko Elkargunean, 11:00etan, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzat.
Martxoak 23, ostirala Diego ezagutzen emanaldia eta solasaldia atletekin. Sanagustin kulturgunean, 11:00etan, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzat.
Martxoak 24, zapatua La M.O.D.A. taldearen kontzertua, Sanagustin kulturgunean, 23:00etan, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean.
Martxoak 25, igandea Ospakizun bazkaria Loiola Hotelean, 14:30ean. Bazkarirako txartelak salgai jarriko dituzte Azkoitiko Plaza Berri Sport dendan eta Azpeitiko Juantxo Txiki eta Eguzkitza tabernetan, 35 euroren truke.

Albiste gehiago: www.uztarria.eus

Aurten lasterketa GIPUZKOAko eta EUSKADIko TXAPELKETA izango da.

Gero eta hurbilago dugu XXV.AZKOITIAZPEITIA Nazioarteko Maratoi Erdia. 25. edizio berezi honetan, lasterketa Gipuzkoako eta Euskadiko maratoi erdi Txapelketa izango da.

Txapelketan parte hartzeko, Gipuzkoako atleta federatuek, Gipuzkoako Atletismo Federazioan eman beharko dute izena.Euskadiko parte hartzaileak berriz, Euskadiko Federazioan. Ez da beharrezkoa lasterketako plataforman izena ematea.

Txapelketan dorsala lortzeko, atletek marka hauek baieztatuta izan behar dituzte:
Gizonezkoak: Maratoia: 2h47 - Maratoi Erdia: 1h20 - 10Km: 33.00min
Emakumezkoak: Maratoia: 3h22 - Maratoi Erdia: 1h35 - 10Km: 40.00min



"LUDOTEKA" ZERBITZUA
XXV. AzkoitiAzpeitia Maratoi Erdian eta VI. AzkoitiAzpeitia Lasterketa Motzean parte hartu behar duten lasterkarien seme-alabentzat


XXV. AzkoitiAzpeitia Maratoi Erdiak eta VI. AzkoitiAzpeitia Lasterketa Motzak, "LUDOTEKA" ZERBITZUA eskainiko du bertan parte hartuko duten korrikalarien seme-alabentzat.

Ekimen horren helburua da, lasterketan gurasoen partehartzea erraztea, emakume eta gizonen kirol-praktikarako berdintasun aukerak sustatuz.

Zerbitzua doan izango da, eta haurren ardura tituludun pertsonen esku egongo da.

Ezaugarriak

- Adina: 3-10 urtera artekoei zuzenduta.

- Ordutegia: 15:00retatik -19:30retara.

- Lekua: Txiki-Txoko ludoteka (igerilekutik 50 metrotara).

Informazio gehiago eta erreserba:

943 150095 - kirolak@azpeitia.eus






Ospakizun on bat, zer litzateke musika onik gabe?. BADUGU ZER OSPATU lema aukeratu izana ez da kasualitatea. Izan ere, 2017.urtean ZEA MAYS taldea etorri bazen Azpeitiko Sanagustin Kulturgunera, aurtengoan beste talde handi baten kontzertua ikusteko aukera izango dugu KULTURAZ kultur kooperatibaren elkarlanari esker, La Maravillosa Orquesta del Alcohol -la MODA. Kontzertuko sarrerak salgai daude jadanik
https://entradium.com/entradas/la-m-o-d-a loturan, baina Medio Maratón AzkoitiAzpeitia Maratoi Erdian izena ematen baduzu urtarrila amaitu aurretik, bi sarrera zozketatuko ditugu partehartzaile guztien artean.

Zatoz Martxoaren 24an atletismoaz eta musika onaz gozatzera!.

XXV.AZKOITIAZPEITIA maratoi erdian BADUGU ZER OSPATU!.





Babesten dute:



XEYE ELKARTEA

20730 Azpeitia (Gipuzkoa)
mail:azkoitia-azpeitia@azkoitia-azpeitia.com


© AZKOITIAZPEITIA 2018

                          WEB DESIGN:IRUDHITZ